XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oinean ez da ageri denaren deskribapen soila egin behar; aitzitik, ikusten denari buruzko daturen bat ematen da, edo kontsiderazioren bat.

Datu horiek berriak izan beharko dute; ez jarri tituluan, azpitituluan edo leihoetan ageri diren datu berak.

Datu berria, eta ez deskribapena, baina horrek ez du esan nahi idatzitakoak irudiarekin loturarik izan behar ez duenik.

Lotura hori, hain zuzen, beharrezkoa da.

Argazkia zaharra denean, datatu egin beharko da.

Elkarrizketetan, orrialde batekoak baino laburragoak direnean, ez da beharrezkoa argazki oinik egotea.

Bi zutabe edo gehiagoko erretratuetan ez jarri pertsonaiaren izena soilik.

Artikulu berean elkarren ondoan doazen bi argazkik oin bera daukate, ez bi.

Argazki oin horren luzera ongi neurtu beharra dago, bigarren argazkiaren azpian ere oin zati bat ager dadin.

Aurreko arauak ez dira aintzat hartzen argazki-albisteetan.

163. Argazkietan ageri diren pertsonak oinaren bidez kokatzeko, ezker-eskuin ordena logikoari segitzen zaio.

Adibidez, hiru pertsona ageri badira, ezkerretik eskuinera, zera idatziko dugu:

Gerry Adams, Martin =mCg=uinness eta Michael Ancram.

Alferrekoa da ezkerretik eskuinera gehitzea, eta gaitzestekoa azalpena alderantziz egitea: eskuinetik ezkerrera.

Era berean, gizon-emakumezko bi ageri badira argazkian, ez du zentzu handirik zera idazteak:

Ezkerrean Rosa Diez, eskuinean Juan Jose Ibarretxe.

Ordena nahasiagoen kasuan, batzuk besteen aurrean daudenean, edo zenbait pertsonaren artean bat bakarra izendatu behar denean, argi zehaztu behar da nor dagoen non.

Oso pertsona ezagunen kasuan, zehatz-mehatz kokatzea alferrekoa izan liteke.

164. Argazki-albisteak

Balio informatibo handiko argazkiak bilatzen dira.

Argazki-albisteetan argazkia lagunduko duen testua sarrera baten modukoa da, nahiz eta kasu batzuetan kazetariak askatasun handiagoa izan dezakeen.

165. Infografia.

Informazioa ematen duten marrazki eta grafikoak, ordenadorez eginak, dira infogramak.

Infogramekin argazkiekin bezala jokatu behar da, kontu handiz.

Infogrametan testua egoten da normalean; beraz, erredaktorearen eta infografi arduradunaren artean egin beharreko lana da.

Artikuluaren mamia ahalik eta ondoen eman beharko dio erredaktoreak infografi arduradunari, honek marrazki eta diseinu egokienak bidera ditzan.

Infogramak ez dira apaingarri soilak, informazioa daramaten elementu nagusiak baizik.

Batzuetan, zatidura grafiko baten tokia betetzen dute infogramek.